Liburutegi publiko

Koldo Mitxelena kulturune eta liburutegia, Donostian

Liburutegi publikoa toki-mailako informazio-zentro bat da eta bere erabiltzaileei mota orotako ezagupenak eta informazioa eskaintzen dizkie.

Liburutegi publikoaren zerbitzuak eskaintzeko orduan, oinarrizko baldintza bat da pertsona orok informazioa eskuratzeko orduan eskubide berberak izatea, adina, arraza, sexua, erlijioa, nazionalitatea, hizkuntza edo gizarte-maila edozein izanda ere. Arrazoi desberdinak direla medio, zerbitzu eta material arruntak erabiltzea ezinezkoa zaien erabiltzaileen kasuan, zerbitzu eta material bereziak eskainiko dira, esate baterako, hizkuntz gutxiengoen kasuan, minusbaliotasunak dituzten pertsonen edo ospitaletan edo kartzelan dauden pertsonen kasuan.

Adin-talde guztiek aurkitu behar dute beren beharretara egokituriko materiala. Bildumek eta zerbitzuek mota guztietako euskarri egokiak barne hartu behar dituzte, nola teknologia modernoen ingurukoak hala material tradizionalei dagozkienak. Funtsezkoak dira haien kalitate ona eta bertako premietara zein baldintzetara moldatuak izatea. Materialek gaur egungo joerak eta gizartearen bilakaera islatu behar dituzte, baita gizadiaren esfortzuaren eta irudimenaren memoria ere.

Ez funtsak ez zerbitzuak ere ez dira ideologia, politika edo erlijioa dela eta zentsuratuko, eta ez dira presio komertzialen menpe egongo.

UNESCOk liburutegi publikoari buruz egindako adierazpena, 1994ko azarokoa:

Gizartearen eta gizabanakoaren askatasuna, aberastasuna eta garapena funtsezko giza baloreak dira. Balio horiek lortu nahi baditugu, ezinbestekoa izango da herritarrak ondo informatuta egotea, hartara, berez dituzten eskubide demokratikoak gauzatu ahal izateko eta gizartean zeregin aktiboa betetzeko. Gizabanakoak gizartea eraikitzen parte hartzea eta demokrazia sendotzen laguntzea lortu nahi badugu, heziketa egoki bat beharrezkoa izango da, eta neurri berean, jakintza, pentsamendu, kultura eta informazioa ezagutzeko aukera libre eta mugarik gabekoa eskaintzea ere bai.
Liburutegi publikoa, ezagupena eskuratzeko bidea, oinarrizko baldintza da urteetan barna gauzak ikasten joateko, erabakiak nork bere kasa hartzeko eta gizabanakoaren eta gizarteko talde desberdinen aurrerapena lortzeko.
Adierazpen honen bitartez, UNESCOk liburutegi publikoan jarritako itxaropena islatzen du, izan ere, liburutegi publikoa heziketa, kultura eta informazioa eskuratzeko indar berri bat da, baita bakea eta izpirituaren ongizatea sustatzeko funtsezko eragile bat ere, betiere gizon-emakumeen pentsamenduaren bitartez.
Hortaz, UNESCO erakundeak nazioko eta tokiko agintaritzak animatzen ditu aipatu guztiaren euskarri izatera, eta liburutegi publikoen garapenean konpromiso aktiboa hartzera.

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy